Opera arloan bere estreinako emanaldia Estatu Batuetako Palm Beachen eskaini zuen 1990ean. 1993an New Yorkeko Metropolitan Opera National Council Auditions saria eta Parisko Concours International de Voix de Opera Placido Domingo sariak irabazi zituen. La Traviatako Violeta, La Canción del Olvido-ko Doña Elvira eta Rigoletto-ko Gilda paperak egin ditu, besteak beste, munduko antzokirik garrantzitsuenetan. Espainian, Estatu Batuetan, Brasilen, Frantzian, Turkian, Alemanian eta Austrian eskaini ditu gehienbat bere emanaldiak. Michael Tilson Thomas eta New World Synphonyrekin abestu izan du, eta Carnegie Hallen Dolora Zajick eta Plácido Domingorekin batera aritu da. 1993-94 denboraldian, Austrian, Mexicon eta Estatu Batuetan egon ondoren, Metropolitan Opera House delakoan, La Bohème-ko Mimi paper protagonista egin zuen. RTVE Orkestrarekin Zarzuela diskoa, Música Renacentista izenekoa eta José María Canoren Ópera Luna diskoak grabatu ditu. Bere bakarkako diskoa 2000. urtean kaleratu zuen; Recital du izena, eta bertan azken bost mendeetako abestiak biltzen ditu Ainhoa Artetak. 1999an Donostiako Udalak hiriko Urrezko Danborra eskaini zio Donostiaren irudia zabaltze aldera egin duen lanagatik, eta 2000. urtean Hispanic Society of America elkarteak arteari eginiko ekarpenak eskertzeko eman ohi duen saria ere eskuratu du, besteak beste. Dwyne Croft opera kantariarekin ezkondu zen eta New Yorken 17 urtez bizi izan da. Bikotearen aurreneko alaba Bilbon jaio zen 2000. urteko udazkenean.
Maialen Delgado
No hay comentarios:
Publicar un comentario